2025 UZT. 11 - 12:00h UEMAren txostenaren arabera 2036an inguru erdaldunagoa izango dute euskal hiztunek Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Hamar urte barru euskararen ezagutza maila apalagoa izango dute Euskal Herritarrek, etxean nagusiki gutxiagok erabiliko dute eta erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko dira erdiak baino gehiagok. Hala adierazi du Siadecok, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz egindako ikerlanean. Ikerlanak aurretik agerian egon den errealitatea baino ez du irudikatu, hau da, gero eta gehiago izango direla euskara lehen hizkuntza bakar gisa izango ez dutenak, erdaraz euskaraz baino erosoago egingo dutenak eta baita euskara menderatzen ez duten euskal hiztunak ere. Testuinguru horretan, jakinarazi dute, bestelako neurriak hartu ezean, ez dirudiela epe laburrean norabide aldaketa espero daitekeenik. Antzemandako alde positiboak ere plazaratu ditu txostenak. Gaur egun, euskararen ezagutza maila handiagoa da biztanle helduen artean eta gaztelaniarekin bada ere euskarak hainbat etxeetan sarbidea izan duela ondorioztatu dute. Eman dituzten datuen arabera, euskaldunen hazkunde erritmoa mantsotzen ari da, hala ere, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak igoerari eutsiko dioten bitartean, Nafarroan behera egingo du. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2021ean biztanleen %43,3 ziren euskaldunak eta 2036an %48,3 izango direla ondorioztatu du ikerlanak. Nafarroan berriz, 2021ean %14,9 ziren, eta 2036an %11,8 izango dira. Beraz, laburbilduz, hamar urteren buruan euren inguruko bizimoduan nagusiki erdara erabiliko dutenak gero eta gehiago izango dira. Horregatik, UEMAk argi utzi nahi izan du, euskarari lehentasuna eman ezean, galera fase batean sartuko dela.