2025 UZT. 15 - 14:30h Martxan da Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren bosgarren edizioa Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Astelehenean hasi eta ostiralera arte, Gasteizen, Higa Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren bosgarren edizioa egingo da. Bost egun hauetan zehar mundu osoko 18 eta 35 urte bitarteko 80 gaztek hartuko dute parte eta 68 hizkuntza gutxitu ordezkatuko dituzte. Topaketa EHUko Udako Ikastaroen baitan antolatu dute eta helburua hizkuntza gutxituak biziberritu eta mundu osoko hizkuntza komunitateen arteko sareak sortzea dela azaldu dute antolatzaileek. Hitzorduan hainbat hizkuntza gutxituen ordezkariek parte hartu dute. Euskararen kasuan, Igone Zabala, EHUko errektoreordeak gazteei lanean jarraitzeko animoak helarazi dizkie. Gaineratu du, euskararen erabilera sustatzeko elkarte eta diputazioen aldeko babes instituzionala ezinbestekoa dela. Hizkuntza gutxituen arteko sareak sortzeko mahai inguruak, hitzaldiak, lantegiak, lankidetza proiektuak, film emanaldiak eta kontzertuak izango dituzte bosgarren edizio honetan. 2023an egin zen lehengo aldiz Higa topaketa, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Aurtengo edizioan partaidetza inoiz baino handiagoa izan dela jakinarazi dute antolatzaileek. Aurrekoetan baino hizkuntza gehiago, jende gehiago eta topaketan parte hartzeko eskaera gehiago jaso dituzte, zehazki, 2023an baino ehun eskaera gehiago.