HAMAIKA

Martxan da Bilboko Aste Nagusiaren 45. edizioa

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Bilboko Aste Nagusiaren 45. edizioa larunbatean hasi da. Doctor Deseo taldeko abeslaria, Francis Díez, izan da Marijaiari ongietorria ematearen arduraduna, “elkarrekiko errespetua” eta “eraso matxista, arrazista, homofobo eta bestelako eraso” gabeko jaiak aldarrikatu duen pregoia egin duelarik.


Pregoilariak Gazako egoera presente izan du jaien aurkezpenean, palestinar herriaren genozidioa salatuz. Bilbotarraren hitzak txalo artean jaso dituzte, hainbat bandera palestinar publikoaren artean ikusten zirelarik.


Olatz Agirre Txupinerak Marijaiari sarrera eman dion suziria jaurti ostean hasi dira Bizkaiko hiriburuko jaiak. Txupinazoaren ostean, txosnak ireki dituzte eta Marijaia 27 konpartsetan zehar egon da txarangen musikaren erritmoan.


Larunbat gauean, Bilboko udalak adierazi duenez, “eszenatoki baten muntaketa arazo batek” Kai Nakai, Olatz Salvador eta Marenen kontzertuak bertan behera uztea ekarri du. Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, barkamena eskatu du igandean eta eszenatokiaren muntaketaren enpresa arduradunari erantzunbeharrak eskatuko dizkiola adierazi du.


Igandean, eszenatokiak Udalaren oniritzia jaso eta gero, Janus Lester eta Duplaren kontzertuak egon dira Guggenheimeko zabalgunean.
Musika eskaintza Aste Nagusiaren ezaugarrietako bat da, aurten doako 100 emanaldi baino gehiago izango dira 9 gune ezberdinetan, abuztuaren 24a arte.