HAMAIKA

Euskal diputatuek ezezkoa emango diote Bayrouren konfiantza mozioari

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Frantziako lehen ministroak, François Bayrouk, irailaren 8an aurkeztuko duen konfiantza mozioak ez du oraingoz beharrezko babesik. Frantziako Asanblada Nazionalean dauden euskal diputatuek, besteak beste, aurka egingo dutela iragarri dute.


EH Baiko diputatu Peio Dufauk adierazi duenez, aurrekontu kudeaketak eta lehen ministroaren jarduteko moduak argi eta garbi adierazten du jarraitu beharreko bidea, haren ustez, zentsura mozioa. Eta horregatik jada Bayrouri ezetza emango diola jakinarazi du.

Bestalde, Iñaki Echaniz, PSko diputatuak konfiantza mozioa “sakrifizio faltsutzat” jo du. Ohar batez azaldu duenez, lehen ministroaren aurrekontu plan “irreal eta bidegabeak” helburu bakarra du, kargua uztea, “ulertu gabeko gizon baten irudia helaraziz”.


Testuinguru horretan, François Bayrou Frantziako lehen ministroak iragarritako konfiantza mozioak, momentuz, ez du aurrera jarraitzeko babes nahikorik. Beraz, ezusterik egon ezean, lehen ministroak dimisioa aurkeztu beharko du.


Gainera, Bayrouk uztailean aurkeztu zuen murrizketa planak zer esana eragin du. Izan ere, plan horrek, 2026ra begira 44.000 milioi euroko murrizketak aurreikusten ditu. Lanpostu publikoak murriztu, pentsioak izoztu eta osasun zein gizarte politiketako gastua gutxitu egingo zuela ere aditzera eman zuen. Hala ere, lehen ministroaren hitzetan, proposatutako neurri horiek ez dira inoiz inposatzen, horien inguruan eztabaidatu egiten da.