Asteazken honetan ezagutarazi dute Espainiako Poliziak 28 pertsona atzeman dituela Iruñerrian pasa den urriaren 30eko Vito Quilesen bisitaren gertakarien harira. Atxiloketa hauek “desordena publikoa” egotzita egin dituzte, baina poliziak adierazi duenez, “operazioak irekita jarraitzen du.”
2025eko udazkenean Vito Quiles agitatzaile ultraeskuindarrak Espainiar Estatuko hainbat unibertsitate pribatu bisitatu zituen, horien artean Nafarroako Unibertsitatea. Hezkuntza erakundeak ekitaldia egiteko baimena ukatu zion arren, Iruñera etortzea erabaki zuen. Horregatik, ehundaka pertsona mobilizatu eta bildu ziren ‘Faxismoaren aurrean, kaleak hartu’ lelopean. Quilesen ekitaldia bertan behera geratu zen, baina Espainiako Polizia eta Udaltzaingoa unibertsitatearen inguruetan geratu ziren eta manifestariekin istiluak izan zituzten. Polizia bertaratutakoen aurka oldartu zen eta hainbat zauritu eta identifikatu egon ziren, bai egunean bertan, baita hurrengo asteetan ere.
Ernaik eta Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak“atxilotuak askatzeko” exijitu dute; GKSk eta Aske antolakundeek, berriz, haiekiko “elkartasun osoa” adierazi dute. Atxiloketak gaitzesteko arratsaldeko 19:00tan Nabarrerian elkarretaratzea deitu dute.