Udane Arbeo Astigarraga

Baxoko azterketa guztiak euskaraz egiteko aukera izan nahi dute

Azterketak euskaraz nahi dituztela aldarrikatzen dute Ipar Euskal Herriko ikasleek; izan ere, ez dute Hego Euskal Herriko ikasleek duten aukera bera: ezin dituzte Baxoko azterketa guztiak euskaraz egin. Urteetan hainbat proba euskaraz egiteko aukera izan zuten. 2019ko Baxoaren erreformaren ondoren, baina, azterketa guztiak frantsesez egitera behartu zituzten. Aurten, Frantziako Gobernuak matematiketako proba berri bat ezarri du lehen mailako ikasleentzat. Seaskak eta Azterketak Euskaraz dinamikak eskatu zuten euskaraz egiteko aukera, baina Paristik ezezkoa jaso zuten. Horren aurrean, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek desobedientziara jotzea erabaki dute. Ekainaren 12an matematiketako azterketa euskaraz erantzungo dute. Azkenean, jakinarazi zaie euskaraz idatzitako azterketa horiek zuzenduak izango direla eta ez dutela zigorrik jasoko. Bien bitartean, Frantziako Gobernuak iragarri du 2028tik aurrera ikasgai bateko proba idatzi bat eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera egongo dela; baina eragileentzat hori ez da nahikoa, gainontzeko probak frantsesez erantzun beharko dituztelako. Euskaraz ikasi duen ikasle batek zergatik ez du eskubidea bere ezagutzak ere euskaraz erakusteko eta azterketa guztiak euskaraz egiteko?