Gaizka Leitza eta Leire Llano

Euskalgintzako hiru kolektibok emango dute pregoia Euskaltzaleon Martxan

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du Iruñeko Antionutti parkean, ekainaren 13an Nafarroako hiriburuan bertan egingo duten Euskaltzaleon Martxa zuzenduko duten hiru pankartak erakutsi eta pregoilariak aurkezteko.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak pankarten zehaztapenak eman ditu. Pregoia eta txupinazoa gizarte zibileko hiru kolektibok botako dutela azaldu du Eskisabelek ere: Azterketak Euskaraz mugimenduak Runako parketik aterako den zutabearena, euskarazko eduki sortzaileek Askatasunaren enparantzatik aterako dena, eta Batuz Aldatuko talde eragileak Antioniutti parketik abiatuko dena.
Eskisabelek manifestazioaren inguruko azalpenak eman ditu eta zutabeen osaera ahal bezain orekatua izan dadin, Kontseiluak hiru irizpide zehaztu ditu. Behin pregoia eta txupinazoa botata, zutabeak pankarten eta txarangen atzetik abiatuko dira aldarrikapen eta jai giroan, Gazteluko Plazan bat egiteko; bertan egingo dute ekitaldi nagusia. Eta Euskaltzaleen Martxaren bukaera gisa, plazan bildutako guztiek dantza egitea da Kontseiluaren proposamena: “Euskal Herri osoko milaka lekutan egiten den bezala, kalejiran, borobilean, elkarrekin bagarela esanez, hasi Tuterako Reboltosatik eta Bermeoko Arroskueraino.”