Uxue Garro eta Xabi Ealo

‘Beldur barik’ lehiaketaren 17. edizioa aurkeztu du Emakundek

Emakundek ‘Beldur barik’ ikus-entzunezko lehiaketaren 17. edizioa aurkeztu du astearte honetan Bilbon. Ekimena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta EUDEL EAEko Udalen elkartearekin batera sustatu du erakundeak eta haur eta gazteen artean indarkeria matxistan sakondu eta berau prebenitzea du helburu.

Aurreko urtetan lez, indarkeria matxistaren aurkako jarrera erakusten duten bideoak aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek, hainbat ikuspegitatik: indarkeria mota honen adierazpen ezberdinak islatu eta haienganako jarrera kritikoa azalduz, baita “harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak” bultzatuz ere. 10 eta 20 urteko bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago ekimena eta hiru kategoriatan parte hartuko dute, adinaren arabera.

Izan ere, aurtengo berrikuntzetako bat adin tarte horren zabalera da, lehenbizikoz 5. eta 6. mailako haurrek, 10 eta 11 urte dituztenek, euren proiektuak aurkeztu ahalko baitituzte. Honekin batera, lan gehiago aurkeztuko dituztela aurreikusi du Emakundek.

Urretxindorra ikastolan egin dute 2026ko edizioaren aurkezpena, bertako talde batek irabazi baitzuen 2025ekoa. Gainerako ikasleekin partekatu dituzte euren hausnarketak eta ostean tailerra ere gauzatu dute, indarkeria matxista egoerak identifikatu eta horiei nola aurre egin planteatzeko.

Irailaren 22tik abenduaren 1era arte parte hartu ahalko dute ekimenean haur eta gaztetxoek, izen-ematea lehiaketaren webgunetik egin beharko dutelarik, bai ikastetxe, gazteleku edo beste hainbat erakunderen bitartez, baita beren kabuz ere. 650 euroko saria eskuratuko dute kategoria bakoitzeko irabazleek gailendutako lanak 2027ko urtarrilean ezagutaraziko dituztelarik, Beldur Barik topaketan.