GUREAN GAUR

Marta Quintas: "Eskola eraginkorretan gurasoen hezkuntza inplikazioa handia izaten da"

Gurasoen inplikazioa aztertu du Marta Quintas Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzaileak aurkeztu berri duen tesian: Gurasoen hezkuntza inplikazioa aniztasun sozioekonomikoa eta kulturala duten EAEko bi eskola eraginkorretan.

Irakasleei eta guraso autoktonoei zein etorkinei egindako elkarrizketak izan ditu oinarri, eta bere helburu nagusia izan da aztertzea eskola eraginkorrek zer indar gune edo ahul gune dituzten gurasoen inplikazioa bultzatzeko: “Eskola eraginkorretan normalean desabantaila ekonomiko handiagoa duten edo zaurgarritasun egoera handiagoa duten ikasleak daude, eta haiek lortzen dute arrakasta akademiko handiagoa, eta literaturak esaten du gurasoak inplikatu egiten direla normalean, gurasoen arteko komunikazioan, edota eskolako boluntario lanetan, esaterako”.

Hori horrela, nabarmendu du badagoela ikastetxe horietatik zer ikasi, eta beste eskola batzuetan martxan jartzeko interesgarriak direla. Horrez gain, garrantzitsutzat jo du guraso etorkinak eta baliabide ekonomiko txikiagokoak erabaki organoetan egotea: “Mekanismoak jarri beharko genituzke guraso etorkinak ere erabaki organoetan egon daitezen".