GUREAN GAUR

Ines Osinagak "Itsasoa da bide bakarra" disko-liburua aurkeztuko du Durangoko Azokan

"Itsasoa da bide bakarra" disko-liburuak hamasei kantuz gain, argazkiak, hitzak eta Osinagaren bizipenak jasotzen ditu. Durangoko Azokan izango da proiektu berria aurkezten eta ostegunean Hamaika Telebistak zuzenean eskainiko du Ahotsenean emango duen kontzertua.

Martxoan Ines Osinagak egoitza artistiko bat egin zuen Kuban, uharteko emakume musikarien inguruan ikasteko. Bakarkako lehen lana bada ere, ia 40 kolaboratzaile ditu diskoan. Ines Osinagaren hitzetan, diskoa “politikoa, kolektiboa eta oso pertsonala” da.

Diskoaren bertsio digitalak bi alde ditu; A aldea eta B aldea, hain zuzen ere. Bigarren parte horretan Kubako eragina eta herrialdean bertan egindako moldaketak ditu.