GUREAN GAUR

Autogobernuaz, bizikidetzaz eta enpleguaz hitz egin nahi du Urkulluk Sanchezekin

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ekainaren 25ean bilduko dira, Moncloan. Quim Torra Generalitateko presidentearekin, berriz, uztailaren 9an bilduko da Sanchez.

Sanchezek estatu espainiarreko autonomia erkidegoetako presidenteekin egingo duen bilera errondako lehen bilkura izango da Espainiako gobernuburuaren eta Urkulluren artekoa. Bilera datorren astelehenean izango da, 12:00etan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak aurreratu zuenez, Urkulluk espetxe politika moldatzeko aukerez hitz egingo du, besteak beste, Espainiako presidentearekin.

Urkulluk berak ere aipatu du bizikidetza izango dela Sanchezekin egingo duen bilkurara eramango duen gaietako bat. Horrez gain, EAEko autogobernuaren bermeez eta enplegua sustatzeaz ere hitz egin nahi du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuko presidentearekin.

Urkulluren ondoren, Torrarekin emango dio segida Sanchezek bilera errondari. Uztailaren 9an hartuko du Kataluniako presidentea Madrilen. Aste honetan jakin da Kataluniako presidenteak Espainiako erregeari biltzeko eskaria egin diola, hark Tarragonara egingo duen bisitaren harira.

Errege Etxeko buruak eskutiz bidez jakinarazi dio Espainiako Gobernuari Torraren gonbidapena jaso duela, Espainiako konstituzioaren arabera, gobernuak oniritzia eman behar baitie erregearen ekitaldiei. Espainiako Gobernuak ez du baimendu Torraren eta Felipe Borboikoaren arteko bilera. Azaldu duenez, erregeak ezin du Torraren mintzakide izan gai politikoak jorratzeko, eta uztailaren 9an Sanchezekin izango duen bilerara bideratu du.