GUREAN GAUR

Legorretako Udalak kezka adierazi du Aitor Esnaola herrikidearen gradu erregresioa dela eta

Legorretako Udaleko osoko bilkurak, aho batez, EH Bilduren eta EAJren botoekin, mozio bat onartu du. Adierazpen horretan gogora ekarri du joan den maiatzetik herrian zela Esnaola. “Legeak dioen bezala, birgizarteratze-prozesuan, legearen baldintza guztiak beteta eta legedia arrunta aplikatuz. Inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan, ez Legorretako herriarenean”.

Erabakiagatik kezka azaldu du Legorretako Udalak. Gogora ekarri du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza “behin eta berriro” ari dela presoen gradu-progresioen aurkako helegiteak jartzen, espetxeetako tratamendu batzordeen erabakien aurka.

Sare Herritarrak ere salatu du ebazpena, eta mobilizatzeko deia egin du. Manifestazio bat egingo dute ostiralean Legorretan, 19:00etan.

Esnaola atzo itzuli zen Martuteneko espetxera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak hala ebatzita. Esnaolak hamaika urte eta erdi egin ditu preso, eta 2020an bete zuen zigorraren erdia.